Prest al gaude pop-up leiho eta onarpen botoi mordoari erantzuteko?

  • Datuen Babeserako Europako Araudi berria indarrean sartu bezain laster, nabarmen gora egingo dute dagoeneko ugariak diren onespen eskaerek, interneteko erabiltzaileek informazio eta eskubide gehiago izan ditzaten
  • Gipuzkoa Encounterren eskainitako hitzaldian, Jorge Campanillasek azaldu du internautek eskubide berriak izango dituztela euren datuak ezabatu ahal izateko edo horien eramangarritasuna mugatzeko
  • Europan jardun nahi duten sare sozial guztiek konfigurazioak aldatu beharko dituzte pribatutasun maila gorena izan dezaten erabiltzaileek, eurek besterik adierazi ezean

Herritar askok ez dakite oraindik zein ondorio izango dituen Datuen Babeserako Europako Araudi berria indarrean jartzeak, maiatzaren 26tik aurrera. Hasteko, nabarmen gora egingo dute dagoeneko ugariak diren onespen eskaerek, eta pop-up leihoak nahiz onarpen botoiak biderkatu egingo direla aurreikus daiteke. Errealitate hori ez da egi bilakatuko interneteko zerbitzuen enpresa hornitzaileek atsegin dutelako, baizik eta Europar Batasunak jarraibide berriak markatu dituelako erabiltzaileei informazio eta eskubide gehiago emate aldera.

Iurismática Abogados enpresako Jorge Campanillasek baieztatu duenez, enpresen betebeharrak areagotu egingo dituzte, hiritarrek jakin dezaten euren datuekin zer egiten duten. Gipuzkoa Encounter topaketan eskainitako hitzaldi batean, Campanillasek jakinarazi du araudi berriaren oinarrietako bat dela erabiltzailearen onespena bermatzea, beti ere bere borondatez egindako ekintza positiboen bidez; hau da, ez dute balio isiltasunak, aldez aurretik markatuta datozen laukiek edo gelditasunak. Duela bi urte onartutako araudia maiatzaren 26an jarriko dute indarrean eta helburu izango du erabiltzaileen erabakiak erraztea eskuragai dagoen informazio gardena eskainiz.

Izena, adina, helbidea, gure osasunari buruzko informazioa edo kontu korronteko datu pertsonalez gain, elementu biomedikuen eta genetikoen babesa ere barneratu dituzte araudian: gure telefono adimenduna erabiltzeko hatz-marka edo aurpegien antzematea, besteak beste. Gero eta gehiago dira, beraz, legez babestu beharko diren datuak eta, horrekin batera, erabiltzaileari beti jakinarazi beharko zaio zertarako jasotzen diren datu horiek eta zenbat denboraz.

Jorge Campanillasek Europar Batasun osoan derrigorrez errespetatu beharko diren hiritar eskubide berriak azaldu ditu. Besteren artean, ezabatze eskubideak aukera emango dio edozein pertsonari bere datuak ezabatu ditzaten eskatzeko; datuen tratamendua mugatzeko eskubideak datuak zenbat denboraz gordeko diren adieraztera behartzen ditu enpresak; eta datuen eramangarritasunari buruzko eskubideari esker, titularraren datu pertsonal guztiak modu zuzen eta erosoan transferitu ahal izango dira, nahi izanez gero, enpresa batetik bestera.

Pribatutasuna eta sare sozialak

Legedi berriak eragina izango du egunero erabiltzen ditugun web orrietan, online zerbitzuetan eta sare sozialetan. Europar Batasunetik kanpo dauden eta EBko hiritarren datuak erabili nahi dituzten enpresek ezin izango dute beste herrialde batzuetako araudi arinagoen arabera funtzionatu.

Horrela, Facebookek duela gutxi iragarri du, Europako gobernuekin borroka bizian aritu ostean, araudi berria onartzeko prest dagoela, eta erabiltzaileen datuen kudeaketa erraztea onartu du.

Ondorioz, sare sozial guztiek pribatutasun maila gorena izan beharko dute, erabiltzaileek besterik adierazi ezean; hots, erabiltzaileek erabaki behar dute, hala nahi izanez gero, eurek emandako datuen eta argitaratutako informazioaren ikusgaitasuna.

Ardura proaktiboa

Abokatuaren esanetan, exijentzia maila handitu egin da datu kantitate handiak baliatzen dituzten edo Big Datarekin loturiko jarduera duten enpresentzat. Hori dela eta, isunak nabarmen areagotzeaz gain (600.000 eta 20 milioi artean euro kasu larrienetan), konpainiak orain derrigortuta daude beharrezkoak diren segurtasun neurriez arduratzera, datuak babeste aldera. Eta segurtasun arazoak agertuz gero, enpresek zuzenean eman beharko diote berri dagokion herrialdeko agintaritzari, baita erabiltzaileari ere, beretzat arriskurik balego.

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch