Marka berria hautsi du Gipuzkoa Encounterrek, 3.200 lagun elkartuz

  • Topaketak inoiz baino pertsona gehiago erakarri ditu, parte-hartzaileak eta bisitariak zenbatuta, Opengune eremu irekiak arrakasta handia izan baitu. Bertan, 3D inprimagailuak, errealitate birtualeko esperientzien gunea, hitzaldi eta tailerrak izan dira
  • Hitzorduak Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu du Tolosa asteburu honetan, eta formakuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, dozenaka tailer eta hitzaldi eskaini baitira helduentzat nahiz gaztetxoentzat
  • Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza SPRIren bitartez


Informatikaren eta teknologia berrien zaleak biltzen dituen Gipuzkoa Encounter topaketak aurreikuspen guztiak gainditu eta parte-hartze marka berria hautsi du, 3.200 lagun elkartu baitira Tolosan, partaideak eta bisitariak batuta. Ekimenak iraun dituen hiru egunetan, publikoarentzat zabalik dagoen guneak zale asko erakarri ditu eta, horri esker, historiako Gipuzkoa Encounter jendetsuena gauzatu da aurten.

Antolatzaileak egitasmoaren garapenarekin oso pozik agertu dira, "erabateko arrakasta" lortu baita arlo guztietan. 'Encounter' sarearen koordinatzaile eta Euskaltel Konekta fundazioaren gerente Sabino San Vicentek parte-hartzaileen arteko kolaborazio giroa nabarmendu du. Prestakuntza-ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek segurtasun informatikoa, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

Gipuzkoa Encounterren tamainaz jabetzeko, kontuan hartzekoak dira hainbat datu: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Horri esker, Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Azpiegitura hauek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Usabal kiroldegia: makina guztien potentziak batuz, 1.000 terako disko gogorra, 2.000 GHz eta 7 terako RAM memoria duen ordenagailu erraldoia, hain zuzen.

Ohiko seiehun parte-hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurbildu dira Tolosako informatika-partyra. Horrela, asteburu batez, Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu da Gipuzkoako udalerria. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, gai anitzen inguruan ikasteko aukera izan da: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste.

 Era berean, etxeko txikiek doako tailerrak izan dituzte robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Nesken artean bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini dituzte.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch